Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin bildu gara eta IkusGaitezen zer den kontatu digute. Gazteen parte-hartzeari buruz hausnartu dugu eta baita gazteek migratzaileei edo atzerritarrei buruzko zurrumurrurik eta estereotiporik gabeko bizikidetza eraikitzeko izan dezaketen zereginari buruz ere.

EGK-aren aurkezpena

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) 6o gazte elkartez eratutako plataforma da. Gazteen eta administrazioen arteko zubi lana egiten dugu gazteen ahotsa zein eskaerak instituzioetara helarazteko. Zubi lan hau lan-arlo desberdinek antolatutako proiektu eta lantalde desberdinen bidez egiten da, hezkuntza, berdintasuna, partaidetza, enplegua, etxebizitza zein bake eta bizikidetza lan-arloetan. 2020an adibidez, Etikasi, #IkusGaitezen, #ZutabeakArrakalatzen edo Substantziarik gabeko adikzioen topaketen bidez zein Emantzipa…Zer? edo bake lantaldeen saioekin gazteei beren iritziak partekatu eta hauek politikariei zuzentzeko aukera eman zaie, baita ikusten dituzten erronkak mahaigaineratzeko ere.

Azken urteetan aurrerapauso txikiak egin badira ere berdintasuna ez da erreala gizartean, ezta gazteen artean ere; eta aniztasuna eta kulturartekotasuna altxor bezala ulertzen dituen gizarte baten alde egiten du lan EGK-k.

Nola ari zarete bizitzen EGK-tik pandemiaren ondorioak parte-hartzeari dagokionez?

COVID-19aren pandemiak eragin zuzena izan du gazteongan, eta lehendik zaurgarri ziren gazteen egoera are gehigao kaskartu du, bereziki gizartearen periferian dauden gazteen artean. Aniztasun erreala lortzea zaila bazen pandemia aurretik, 2020ko martxotik aurrera are gehiago konplikatu da egoera koronabirusarekin. Etxean egon behar izateak gazteontzako natural diren sozializazio espazio gehienak itxi ditu, edo asko mugatu. Arrakala teknologikoa mahai gainean jarri da, bai ikasten ari diren eta baita lanean dauden gazteen artean ere, eta langabeziko datuek erakutsi dute berez prekarioak ziren lanetatik kalera joan diren lehenetako asko gazteak izan direla baita ere. Gazteek parte hartzeko aukerak gutxituak eta kasu askotan eraldatuak ikusi dituzte, eta zenbait kasutan hau aniztasunaren alde lan egiteko erronka bihurtu da.

Gizartean parte hartzeko espazioak gutxitzeaz gain egoerak eskatzen dituen neurriek goxotasuna eta espontaneitatea murriztu dituzte. Ala ere dena ez da negatiboa, martxoan bertan biderkatu ziren egoera zaurgarrienean zeudenei laguntzeko sare eta taldeak, eta gazteen inplikazioa eredugarria izan dela azpimarratu beharra dago. 

Gizarteko aurreiritzien eraikuntzari buruz, egunerokoan gazteekin erlazionatutako estereotipoak entzuten dira hemen ere. Euskadiko gazteen errealitatea gero eta anitzagoa da, hori ezin da zalantzan jarri. Gizartean dauden estereotipo eta aurreiritziak jaso ditugu hemen jaio eta hazitako gazteek, tamalez, familian, eskolan, kalean eta komunikabideetan zabaltzen baitira oraindik. Ala ere, ikerketa ugarik azaleratu dute azken belaunaldiek txikitatik gizarte anitzago batean biziteko aukera izan dutenez aurreiritzi hauek ez daudela horren errotuta. Jatorriaren araberako aurreiritziak daude gazteen artean ere (ez da berdina zein zonaldetik migratu duen), eta jarrera horiek sufritzen dituzte baita ere gaizki deitutako bigarren belaunaldiko gazteek. Hezkuntzaren paperak lehentasuna du EAEko gazteen errealitatea aztertzeko orduan, ikerketa ugarik erakusten duten bezala txikitatik eskolan aniztasuna ikusteak estereotipo eta aurreiritziak apurtzen laguntzen baitu. Hau ordea ez da magikoa, ez du arazoa bakarrik konpontzen, eta aisialdian ere interkulturalitatean oinarritzen den gizarte baten alde egiten jarraitu behar da.

Gure gizartean aurreiritzien eraikuntzari dagokionez, gure egunerokoan gazteekin lotutako estereotipoak entzun ditzakegu. Zein da Euskadiko gazteen egungo errealitatea?

Ildo horretan lan egiteko EGK-k espazio ugari sustatu ditu azken urteetan EAEn batera bizi garen arren elkar ikusten ez garen gazteak elkartu eta ezagutzeko. Errealitateak eta gizarte estrukturek sarritan ez digute elkar ikus gaitezen errazten, ezta elkar ezagutza ahalbidetzen ere. Gazte guztion papera sozializazio eta harremantze prozesu hauetan zein den sakondu nahi izan du EGK-k, baita gazteon partaidetza nolakoa den landu ere. Horren adibide izan zen 2020ko irailean antolatutako ‘Mugen mugetatik #IkusGaitezen’ topaketa, zeinetan gazteak zein espaziotan elkartzen garen eta zein espazio ez ditugun partekatzen landu zen, baita hauetan jatorri desberdineko gazteen partaidetza nolakoa den. Topaketara 4 hizlari gonbidatu ziren beraien testigantzak kontatzeko, eta ostean hizlari zein entzutera gerturatutako gazteak bi taldetan banandu eta zein espaziotan elkartzen diren (eta zeinetan ez) identifikatu zituzten. Espazio hauetako parte hartzea nolakoa den (edo zerk zailtzen duen, kasuan kasu) mahaigaineratu zuten gazteek.

Honelako topaketek gazteekin lotuta dauden estereotipo eta zurrumurruak mahai gaineratzeko aukera ematen dute, eta hauek sufritzen dituzten gazteek beren ikuspuntua eta eskaerak partekatzeko aukera ematen zaie. #IkusGaitezen gazteen artean egindako topaketa izateak elkar entzuteko espazioa sortzeko aukera eman zuen, eta estereotipo eta aurreiritzi hauek sufritzen ez dituzten gazteei zer pentsatu eta zer aldatu planteatu arazi zien. Azpimarratzekoa izan zen talde txikietako dinamika naturalki nola sortu zen, eta normalean horrenbeste entzuten ez zaien gazte migratzaileen ahotsa izan zela gehien entzun zena.

Zuen ustez, zein izan daiteke gazteen zeregina migratzaileei edo atzerritarrei buruzko zurrumurrurik eta estereotiporik gabeko bizikidetza eraikitzeko?

Kontuan izanda gizartea jada anitza dela, jatorri atzerritarra duten pertsonei edo migratzaileei buruzko estereotipo eta zurrumurrurik gabeko bizikidetza bat eraikitzeko orduan gazteen papera funtsezkoa da. Gazte garen momentuan aniztasuna naturalki bizitzea lortzea etorkizunerako erronka da, gaztetan bizikidetza normalizatuta badaukagu heldu egiten goazen einean estereotipo eta zurrumurru horien transmisioa mozten lagun dezakegulako. Bestalde, gazteek helduek zabal ditzaketen zurrumurru horien transmisioa eteten lan handia egin dezakete, transmisio hori mozteko ahalegian egiten bada. Sare sozialen manejua ere askoz ere barneratuagoa dute gazteek, eta zurrumurruen aurkako ekintzak beste gazteen artean zabaltzeko trebeagoak izateaz gain askotan eraginkorragoak ere badira. EGK-k antolatutako ekintzetan mahaigaineratu izan da oraindik ere kontzientziazioa falta dela, zurrumurruak daudela badakite gazte askok, baina testigantza pertsonal bat, edo zuzenean ondorioak zein diren aurrez aurre erakutsi arte askok ez dute “klik” egiten.

Mugen mugetatik #IkusGaitezen topaketan, adibidez, jatorri atzerritarra zuten gazteek asko eskertu zuten beraien hitzak entzuteko plaza sortzea, entzuten zitzaiela sentitzea. Eta jatorri migratzaile ez zuten gazteek berriz eskertu zuten elkar ezagutzeko aukera hauek sortzea, estereotipo eta zurrumurruak desmontatzeko aukera ematen baitu. Topaketan bertan esandakoaz gain antolantzaileontzak polita izan zen ikustea nola, topaketa amaitu ostean, ordu t’erdi lehenago elkar ezagutzen ez ziren gazteen artean naturaltasun guztiz hitz egiten zuten (eguneroko gaiei buruz, baita elkarren telefono eta sare sozialak trukatuz).

Argi dago ez dagoela formula magikorik eta zurrumurrurik gabeko eta bizikidetza benetan errespetatzen duen gizarte eta instituzio batzuk lortzeko lan asko dugula egiteke. Eta gazteak horretarako kontuan hartu beharreko aktoreak garela ere esanguratsua da, eta horregatik Zurrumurruen Aurkako Sareak egindako txingurri lana beharrezkoa ikusten dugu EGK-tik. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik aniztasuna zeharkako balio bezala tratatzen jarraituko dugu, gizarte anitzaren isla diren gazteekin elkarlanean eta gazte zein elkarteen eskaerak mahai gainera ekarri eta interkulturalitatearen alde eraikitzen, ikasten eta behar denean desikasten baita ere.