Beñat Garaio - Soziolinguistikako eta EHUko hizkuntzak biziberritzeko ikertzailea / Investigador en sociolingüística y revitalización lingüística de la UPV/EHU

ZAS! ekaineko buletinean elkarrizketa bat egin zitzaion Beñat Garaioari, «Aniztasun linguistikoa Gasteizen» izeneko Zurrumurruen Aurkako Maiatzean egindako mintegiaren harira. Hemen uzten dizuegu elkarrizketa osoa:

Nola sortzen da hizkuntza gutxituei eta horien berrindartzeari buruzko interesa?

Globalizazioak mundu mailan izan duen gorakadaren ondorioz, elebakartasunaren aldeko diskurtso eta politikak indartu eta mundu mailako hizkuntza-galera prozesuak areagotu dira. Planetako bioaniztasuna modu kezkagarrian murrizten ari den bezala ari da murrizten hizkuntza aniztasuna ere.

Egoera horretan, azkenengo bi hamarkadak funtsezkoak izan dira, hizkuntza aniztasunaren eta biziberritzearen aldeko mugimenduak sortu edota egonkortu direlako mundu zabalean. Horren erakusgarri da UNESCOk 2022-2032 tarterako Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada abian jarri izana.

Hizkuntza gutxituez gain, azken urteetan ondare-hizkuntzak babesteko premiaz jabetu da gizarteko sektore bat, hau da, harrera-gizartera iritsi diren herritarrek mintzo dituzten hizkuntzak mantendu beharraz.

Unamuno proiektua: nola jaio zen, nola garatu zen

Batxilergoak modalitate berri bat izango du laster, ikerketakoa. Unamuno BHI-n aurten froga pilotu bat abiatu dute Batxilergo 2. Mailako frantseseko ikasleekin. Ane Orbe, Uxue Tobarias, Unax Polidura eta Josune Antolin izan dira ikasle-ikertzaile horiek, Leire Bengoetxea beraien irakaslearen bultzadarekin.

Eskolako hizkuntza aniztasuna nolakoa zen ikertu nahi zuten eta azkenean, lau hilabeteko lan bikain baten ostean, Unamuno ikastetxean 43 hizkuntza mintzo direla aurkitu zuten. Lan horren tutore edo aholkulari izateko zortea izan dut, oso prozesu polita eta aberasgarria izan baita.

Zer da HIGA?

HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa da. Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria zerbitzuek bultzatutako proiektua da eta mundu osoko gazteen elkarlan sareak sortzea du helburu.

Uztailaren 17tik 21era bitartean ospatuko da laugarren ekitaldia, eta udako bost egun horietan elkarrekin ikasteko eta gozatzeko aukera eskaini nahi diegu gazteei: goizetan, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko ditugu; bazkalostetan, hizkuntzak biziberritzeko proiektuak sortuko dira; arratsaldetan, elkar ezagutzarako dinamikak egingo dira; eta gauetan, kontzertuak eta kultur zein arte emanaldiak ixten gabiltza. Jardunaldietan askotariko gaiak jorratuko dira: hizkuntza biziberritzerako ekintzailetza, intersekzionalitatea eta teknologia berriak, beste batzuen artean.

HIGA Gasteizen hizkuntza aniztasunaren inguruan antolatzen den ekimen berezietako bat da, besteak beste, AnHitzak, Auzoko eta Hitz Adina Mintzoren artean.

Zer puntu nabarmenduko zenuke gazteen eta hizkuntza gutxituen intersekzionalitateari dagokionez?

Gazteek dute errealitatea eraldatzeko indar eta gogo gehien eta iruditzen zait, beraien bizimodu eta baldintzekin bat egitean, ekimen eta gaitasun handia erakusten dutela sortzen dituzten egitasmo ezberdinetan. Hori dela eta, garrantzitsua da gazteei baliabideak, zilegitasuna, espazioa eta aukera bat ematea euren proiektuak garatu ahal izateko, izan HIGAn, izan Unamunoko ikerketa-lanean, izan beste edozein esparrutan.

Hizkuntza gutxituen kasuan, gazteek ere izugarrizko lana egiten dute euren hizkuntza ahal eta nahi duten eremutik bultzatzen eta biziraupenerako gakoetako bat gazteen aktibazio maila izan daiteke.

Duela gutxi Gasteizko Zurrumurruen Aurkako Maiatzean izan zara. Zure ustez, zein da euskarak inklusio-tresna gisa duen funtzioa?

Gizartea eraldatuz doan bezala eraldatzen ari da euskararen biziberritze prozesua ere. Kohesioaren eta justizia sozialaren ardatzak jarraituz, euskara inklusio-tresna bikaina izan daiteke, bai komunitate anitz bat sortzerako orduan, bai herritar guztien sustapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzerako orduan. Euskarak Euskal Herriko herritar guztiak behar ditu eta euskaldun komunitatearen barruan toki bat egin, baina, horretarako, euskaldunok zeregin batzuk ditugu beste hizkuntza batzuetan mintzo diren horiekin, esaterako, beraien nortasuna eta errealitatea ezagutu eta baldintza sozioekonomikoak bermatzen lagundu.

Nire tesian Gasteizko D ereduko bi eskola publiko anitz aztertu nituen eta ikusi nuen ‘horrelako eskoletan’ eleaniztasunarekiko jarrerak onak zirela eta ikasle guztien ahozko gaitasuna duten adinerako egokia zela. Hala ere, eskola hauek garatzeko aukera handia dute eta gizartearen babesa behar dute, adibidez, hizkuntza eta kultura guztiak sustatu eta ikasle guztiek aurrera egiten dutela bermatzeko.

Etorkizunari begira, zer gustatzen zaizu amestea hizkuntza gutxituei eta horiek berraktibatzeari dagokienez? Zure ustez, zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Lehenago esan bezala, garaiak asko aldatzen ari dira eta gaur egungo mundua duela hogei urtekoarekin alderatuta oso ezberdina da. Hori dela eta, oso adi egon beharko gara etorri diren eta datozen aldaketei ahalik eta azkarren egokitzeko eta hizkuntza komunitateari eta gizarteari hizkuntza gutxituen aldeko apustua egin dezatela sinestarazteko. Horrek, noski, maila guztietako ekintzak eskatzen ditu, izan jarrerak landu, izan ikus-entzunezkoetan euskarazko edukia eskainiz, izan hezkuntza-sistematik euskaldun aktiboak sortuz, izan legedi mailan hizkuntza eskubideak bermatzeko erabakiak hartuz eta abar luze bat.

Ez da erraza hizkuntzen biziberritzea, oso prozesu luzeak dira, esfortzu handia behar da hobekuntza txiki bat ikusteko eta galerak askoz bortitzagoak dira irabaziak baino. Baina nahiko baikorra naiz orokorrean, uste dudalako mundu mailan jende askok konpromiso eta ezagutza handia duela.

Eta, jakina, ez galdu ZASen buletin osoa! Esteka honen bidez deskargatu dezakezue.